Genero-indarkeriaren motak

Honako hauxe da genero-indarkeria: "emakumezko genero-kidetzan oinarritutako indarkeria-egintza oro, horren ondorioz emakumeen osasun fisiko, sexual edo psikologikoari kalterik eta/edo sufrimendurik eragiten bazaio edo eragin ahal bazaio, baita egintza horien mehatxuak, gogorkeria edo askatasuna arbitrariotasunez gabetzeko prozesua ere, bizitza publikoan zein pribatuan gertatzen den kontuan hartu gabe".

Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak 1993ko abenduaren 20an emandako Ebazpena

Zergatik ez hausnartu apur batean genero-indarkeriari buruz, zehaztu eta baitarantz begiratu, horrelako egoeraren bat bizi izan dugun konturatzeko, une honetan horrelako zerbait jasaten ari garen eta erreparatu ez diogun jakiteko edo, zalantzak edukita, zergatik ez ausartu hain gizarte informatuan batzuetan galduta gaudela aitortzen..., ez dugulako genero-indarkeria sotila edo ez hain sotila eta horren inguruko mito faltsuak identifikatzen ikasi?

Indarkeria-mota bakoitza aztertzen hasi baino lehen, argitu egin beharra dago Genero Indarkeriako Biktimen Atentziorako Zuzendaritzak badakiela gaitz horren barruan emakumeen aurkako era askotako indarkeriak daudela eta guzti-guztiak emakumeen aurkakoak direla emakume izateagatik baino ez:

  • Bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria (elkarrekin edo banatuta bizitzean).
  • Familia barruko indarkeria (aurrekoa izan ezik).
  • Askatasun sexualaren aurkako delituak (abusuak, eraso sexualak, jazarpen sexuala eta/edo lanean sexuagatik gertatutako jazarpena, hezkuntza-arloko jazarpena, exhibizionismoa, probokazio sexuala, adingabeen ustelkeria, nahitaezko prostituzioa eta emakume zein nesken salerosketa, adingabeen pornografia...).
  • Erlijio eta kulturagatik erasotzeko eta askatasuna gabetzeko prozesuak (mutilazio genitala...).

Indarkeria fisikoa

Erraz ikusten da, ezta? Tradizioari begira, beste batzuek ikusteko moduko ondorioak uzten dituen genero-indarkeria denez, agerikoena da.

Dena dela, egia esan, ez du beti kanpoko aztarnarik uzten, eta, batzuetan, tratu txarrak ematen dituenak markarik utzi gabe jotzen “ikasten du” edo agerian jarriko ez diren gorputz-ataletan jotzen du. Hori dela eta, errazago ulertu dezakezu tratu txarrak ematen dituena ez dela gaixoa, etekina ateratzeko jokatzen duela horrela eta erasoen mota zein intentsitatea bere interesen arabera mailakatzeko gai dela. Gainera, beti-beti, boterea eta kontrola erabiltzeko jokatuko du horrela. Modalitate honetan, halabeharrezkoa ez den edozein egintza hartuko da kontuan, emakumeen gorputzean kalterik eragiten duenean edo eragin dezakeenean: oratuak, bultzadak, zartadak, kolpeak, ebakidurak, zauriak, hausturak, erredurak, hilketa...

Miguel A. Furnierren "Desenfocada", dokumentala indarkeria psikologikoaren adibide adierazgarria da, ezta?

igo

Indarkeria psikologikoa

Jasaten dutenek eta ingurukoek zailago ikusten dute. Dena dela, argi eta garbi dute adiskidea edo senidea gero eta urrunago dagoela, uzkurtu egiten dela eta, are gehiago, ingurukoekiko harremana hausten duela.

Indarkeria psikologikoan, osotasun psikiko eta emozionalean kaltea eragiten duten edo eragin dezaketen jokabideak hartuko dira kontuan: irainak, mehatxuak, isolamendu soziala, garrasiak, zure aurrean gauzak jotzeko joera, zure egintzen edo izaeraren aurkako gutxiespenak, erruduntasuna, xantaia emozionala, laidoak… Esan gabe doa fisikoa bezain agerikoa ez dela, baina jasaten baduzu edo jasan egin baduzu, badakizu marka larriak uzten dituela zure buru-estimuan nahiz aurrera egiteko baliabideetan eta, oro har, pertsona moduan dituzun askatasunean eta oinarrizko eskubideetan ere bai. Ondorioak larriak dira benetan: hiperzaintza, insomnioa, kontzentratu ezina, ikasteko eta lan egiteko gaitasunen suntsipena, motibaziorik eza, estuasuna, tentsioagatiko min muskularrak, antsietatea eta depresioa eta suizidioa ere bai.

Indarkeria psikologikoa maitemintzeko etaparen ostean hasten da. Bertan, tratu txarrak ematen dizkizunak zure izaera ezagutzen ikasiko du, eta, zure “ahuleziak” zein diren badakienez, apurka-apurka zu menderatzeko eta kontrolatzeko erabiliko ditu, baina ez zara ezertaz ohartuko. Hasieran, “asmo oneko” iruzkinak izan daitezke, oso babesleak diren jarrerak, baina, egia esan, kontrola edukitzeko egintzak dira. Era berean, “txantxak” ere izan daitezke, eta min emateko benetako asmoa ere galdu dezakete, zure gainetik geratzeko...

Apurka-apurka, hutsaren hurrengoa zarela sentitzen duzu, gero eta menpetasun handiagoa duzu berarekin, zeure gurariak eta pentsamenduak galtzen dituzu, ez zara zeure kabuz erabakitzeko gai eta gertatutako guztiaren erruduna zarela eta irtenbiderik ez duzula uste duzu.

Bikotekideak edo bikotekide ohiak emakume bati tratu txar fisikoak ematen dizkiola entzuten dugunean, hausnartu egin behar dugu gu geu lehen zartakoan alde egiteko gai izango ginatekeen halakorik gertatuz gero. Ondo baino hobeto ulertu behar da tratu txarrak ez direla egun batetik bestera agertzen. Lehendabiziko kolpe hori baino lehen, oso tratu txar psikologiko sotila egon zen, eta gaitzespen lausotuak ziren. Esate baterako, kontrola gero eta handiagoa zen, maitasuna bizi-bizia zelakoan eta edukitzarekin zein menderakuntzarekin zerikusik ez zeukalakoan. Hori dela eta, emakumeek arruntzat hartzen dituzte lehenago inoiz justifikatuko ez zituzten egoerak. Buru-estimuaren suntsipena gero eta handiagoa denez, ez dira inolako urratsik ematen ausartzen, lotsatuta daude lehenago ohartu ez direlako... Horrez gain, tratu txarrak ematen dituenak alde “erromantiko" engainagarri horri eusten dio tinko, emakumeak isiltasuna, blokeoa... hausteko keinuren bat egiten duenean...

Gure gizartean, oraindik ere jokabide sexista asko daude indarrean. Agerikoak dira edo ez hain agerikoak, baina oso lagungarriak dira hasierako genero-indarkeria ezkutatzeko orduan.

igo

Indarkeria sexuala

emakumearen borondatearen aurka amaituta edo amaitu gabe egindako edonolako egintza sexuala. Inoiz inolako presiorik sentitu duzu, zure harreman sexualetan egin nahi ez zenuen zerbait egiteko edo nahi ez zenuen harreman sexuala edukitzeko? Bikotean bertan gertatutako indarkeria sexuala ezezagun baten edozein eraso sexual bezain larria da, horrelako egoera identifikatzea zailagoa den arren. Izan ere, oraindik ere indarrean dago esatea bikotean gustuko ez dituzun gauzak ere egin behar direla eta gizonari plazera eman behar zaiola, kanpora bila joan ez dadin... Gaur egun ere, indarrean dago esatea emakumeak gizonak baino pasiboagoak izan behar direla harreman sexualetan eta oso-oso atseginak izan behar direla.

Badirudi kontrolatu beharreko botere sexuala dutela emakumeek (egunero iritzi horren adibideak agertzen dira publizitatean), eta, oraindik ere, gizonen begien bitartez erakusten da desira.

Bikotean bertan gertatutako indarkeria sexuala bestea kontrolatzeko eta menderatzeko beste modu bat da, eta tratu txarrak ematen dituenak erabili egiten du, "harremanean nork agintzen duen" argi eta garbi uzten jarraitzeko. Duela gutxira arte, legeetan ez zituzten bikoteko bertako eraso sexualak kontuan hartzen, arruntzat hartzen zituztelako. Emakumeen askatasun sexuala gehien urratu diren eskubideetakoa da eta oraindik ere urratu egiten da, bikotetik kanpo zen bikotean bertan. Hain zuzen ere, honako hauexek ditugu hizpide: abusu sexualak, bikotetik kanpoko zein bikoteko bertako eraso sexualak, lan zein hezkuntza arloko jazarpen sexuala, nahitaezko prostituzioa, emakume nahiz nesken salerosketa, mutilazio genitalak, nahi gabeko haurdunaldiak, oso baldintza txarretan erditzeagatiko heriotzak, fetua neskatila denean egindako abortu hautatuak...

Argi eta garbi eduki behar duzu inork ezin dizula harreman sexuala edukitzeko inolako presiorik egin, zure bikotekidea bada ere. Horrez gain, zeure askatasun sexuala jakinaren gainean eta sexuagatiko taburik gabe garatzeko gai izan beharko zara.

Gure blogean sartu. Bertan, sexualitateari buruz eztabaidatuko dugu lantzean behin, artikulu interesgarriak eskegiko ditugu eta sexualitateari buruzko tailerrak ere egingo ditugu, bertan parte hartu ahal izateko.

igo

Indarkeria ekonomikoa

Honelako indarkeria arruntagoa da, tratu txarrak ematen dituena eta emakume erasoa elkarrekin bizi direnean. Izan ere, gizonak etxean sartzen den dirua nola erabili kontrolatzen du, eta behin eta berriro esaten du bera dela diru gehien irabazten duena (nahiz eta zuk gutxiago irabazi, seme-alabak zaintzeko lanaldi-murrizketa edo eszedentzia eskatu duzulako…). Azken batean, lan egiten uzten dizu ala ez, baina dirua eman behar diozu ezinbestean, edo, bestela, berak erabakitzen du zertan erabiliko diren diru-sarrerak. Azken aspaldion, beste indarkeria ekonomiko bat agertu da elkarrekin bizi diren bikote gazteen artean, hau da, gizonak ez du lan egiten eta emakumeak bai, baina, hala ere, gizona bera da diru-sarrerak kontrolatzen dituena.

igo

Indarkeria soziala

tratu txarren lehen zantzuetakoa isolamendu soziala da, tratu txarrak ematen dituenak emakumea isolatzen duelako erabat. Sotiltasunez egiten du, zure adiskideak kontrolatzen ditu etengabe, zure lagunak kritikatzen ditu eurekin irten ez zaitezen, xantaia emozionala egiten dizu aisialdian berarekin bakarrik egon zaitezen... Halako batean, konturatu egiten zara bakar-bakarrik zaudela, eta, bikote guztiei gauza bera gertatzen zaiela eta jeloskortasuna zein menpetasun emozionala maitasun sendoaren adierazgarri direla uste duzun arren, itota sentitzen zara zeharo menderatuta eta kontrolatuta dagoen harremanean, ez dakizu norengana jo, nork lagundu ahal dizun...

Seguruenik, ez diezu deitu nahi izan eta ez duzu zeure familiarekin egon nahi izan, bizi duzuna ezkutatzeko edo, hainbatetan euren laguntza gaitzetsi duzunez, noiz utziko ote duzun zain egoten aspertu direla eta errua egozten dizutela sentitzen duzulako... Oso kontuan hartu isolamendua oztopo nagusietakoa dela egoera horretatik irteteko orduan. Beraz, egoera horretan bazaude, zeure isiltasuna eta isolamendua hausteko lehendabiziko eremua bilatu.

igo

Jazarpen sexuala eta/edo lan-ingurunean sexuagatik gertatutako jazarpena

pertsonaren duintasunaren aurka egitea helburu duen hitzezko edo arlo fisikoko edonolako jokabidea da jazarpen sexuala, baina, batez ere, larderiazko ingurune laidogarri bezain iraingarria sortu nahi duenean: zirriak, hitzezko edo e-posta bidezko iradokizun sexualak, batzuetan lan-igoerarekin lotuta dauden mesede sexualak... Lan-ingurunean sexuagatik gertatutako jazarpenak zerikusi zuzenagoa dauka bereizkeriazko edonolako jokabidearekin, betiere emakumeen duintasunaren aurka egiten badu emakume izateagatik baino ez; esate baterako, emakume izateagatik lanpostuko zeregin bat egiterik ez duzula adierazteko iruzkin gutxiesgarriak, horri buruzko txisteak...

Hona hemen guk geuk egindako gida, jazarpen sexuala eta/edo lanean sexuagatik gertatutako jazarpena nola antzematen diren eta nola aurre egiten zaien jakin dezazun:

“Sexu-jazarpena” eta “Lanean sexuagatiko jazarpena” deskargatu (pdf, 805 kb)

Ohikoa da tratu txarren egoera bakar batean zenbait eratako indarkeriak agertzea. Bateratu egiten direnez, oso-oso zaila da antzematea, baina, batez ere, eraso-faseak eta “itxurazko barealdi-faseak” tartekatzen direlako. Hori dela eta, emakumea nahastu egiten da, eta erasotzailea aldatu dezakeela uste du. Bestetik baliteke erantzulea eta erruduna ere badela pentsatzea. Bikotetik kanpoko eraso sexualak aisialdian gertatzen dira askotan. Hainbatetan, gainera, euren izaera sexista ezkutatzen dute alkoholaren, drogen... ondorioz gertatu direla esanda. Berehalako ondorioek, beldurrak eta lotsak emakumea blokeatzen dute, eta, horregatik, baliteke salatzen edo inori azaltzen ez ausartzea. Jazarpen sexualean eta/edo sexuagatiko jazarpenean, jazarlea biktimarekin bakarrik geratzen denean gertatzen dira erasoak edo horrelako ekintza sexistak justifikatzen dituen ingurunean dagoenean. Pairatzaileak, beraz, ez du isiltasuna hausterik, lana galduko ote duen beldur, inork sinetsiko ote ez dion beldur...

Atal hau irakurri ondoren, horrelako genero-indarkeriaren bat ezaguna egiten bazaizu edo zure inguruko norbaiti horixe bera jazotzen zaiola uste baduzu, informazioa bilatu, zer egin dezakezun jakiteko. Bestela, gure postontzian galdetu, gure blogean sartu edo 900 840 111 telefonora deitu.

Hona hemen beste web eta/edo blog batzuetarako zenbait esteka interesgarri. Bertan, hain zuzen ere, genero-indarkeriaren motak azaldu eta horrelako egoeren adibideak eskaintzen dira, informazio gehiago eskuratzeko aukera izan dezazun.

igo

Azken eguneratzea: 2011/09/22