Nola jakin tratu txarrak diren

Inoiz pentsatu duzu zergatik daukazun horrelako lotunea tratu txarrak ematen dizkizun norbaitekin? Zergatik ez zaren lehenago konturatu? Ez duzu ulertzen adiskidea, ahizpa edo alaba tratu txarrak jasaten dituela konturatzea eta urruntzea edo egoera salatzea?

Indarkeria apurka-apurka agertzen dela jakin behar duzu. Sotiltasunez hasten da, eta, beti-beti, laztanez, une paregabez betetako lehenengo harreman-fasearen ondoren. Fase horretan, hain zuzen ere, gizona txeratsua, ulerkorra, adeitsua da beti. Egoera hori sortu ostean, indarkeriaren zikloa ez da hain sotila izango, jarraituagoa izango da eta larriagotu egingo da. Zikloa hiru fasekoa izango da, eta, errepikatu egingo denez, biktimak apurka-apurka asaldatuko dira, indarkeriaren arrazoiak ulertzeko astirik eduki gabe. Ez ditu ateraldiak eta osteko itxurazko barealdia kontrolatzen, nahasmenduaren ondorioz errudun eta erantzule sentitzen da eta erasoen osteko edozein une onari heltzen dio, gizona aldatzea lortzeko saialdi etsigarrian. Hala ere, ez da inoiz halakorik gertatuko.

Hona hemen indarkeriaren zikloa, (Iturria: Instituto de Sexología). Faseak identifikatzen badituzu, errazago ulertuko duzu gertatutakoaren erruduna ez zarela eta une on horien helburu bakarra harremanetik ez alde egitea dela, indarkeria dagoenean maitasunik ez dagoelako.

Hona hemen zikloko faseak:

Tentsioa metatzeko fasea:

Tratu txarrak ematen dituen gizona urduri eta sumin azalduko da, eta emakumearen edozein jokabidek haserrarazi egingo du.

Emakumea, harrituta, berarekin hitz egiten saiatuko da, arazoa konpontzeko, arrazoiak aztertzeko... Hala ere, horren ondorioz, are gehiago haserretuko da, eta oso menpekoa zein melenga dela esango du.

Aztoratu ez dadin, emakumea ezer ez egiten hasiko da, eta bere iritzia ez ematen saiatuko da, jakin badakielako gizonak aurkakoa esango duela eta "errieta" sortuko dela. Horrez gain, ahalik eta gauza gutxien egiten saiatuko da, eta mugiezintasun-fasean sartuko da. Hala ere, emakumea ez da salbu geratuko, gizonak ia-ia ezer egiten ez duen “altzaria” dela aurpegiratuko diolako, txepela eta aspergarria dela esango diolako.

Emakumea kexatzen bada, gizonak dena ukatuko du, eta emakumeari botako dio errua. Gizonak harremanean zehar eratutako desberdintasuna erabiliko du emakumea isilarazteko. Gizonak arrazoia berea dela esango dio emakumeari, erratuta dagoela. Lehen esan dugunez, sortutako desberdintasunak horrela jokatzeko aukera emango dio gizonari.

Emakumeak bere esperientziaren inguruko zalantzak edukiko ditu azkenean, eta gertatutakoaren erruduna dela sentituko du. Horrela, are gehiago indartuko da gizonaren jokabidea.

Gizona arlo emozionalean urrunduko da, eta emakumea galduko ote duen beldur izango da. Beraz, halakorik gertatuz gero, emakumearen errua izango da, ez delako bere maitasunari eusteko gai izan.

Gizonak ez du inolako maitasunik sentituko, urrundu egingo da eta gero eta saminago egongo da.

Emakumeak behin eta berriro eskatuko dio barkamena, horrela egoera konponduko duelakoan. Gizona, ordea, gogaitu egingo da, eta hitzezko zigorra zein fisikoa ezarriko dio edo biak batera.

Eztanda bortitzaren fasea:

Izenean bertan azaltzen denez, gizonak eztanda egingo du, kontrola galduko du eta hitzezko zigor edo zigor fisiko gogorra ezarriko dio emakumeari.

Iraindu egingo du, jo egingo du, gauzak hautsiko ditu, seme-alabak eta emakumea hiltzeko mehatxua egingo du, loa eragotziko dio, bortxatu egingo du...

Harremana salbatu nahi zuen emakumea ezinean eta ahul dago orain. Urte horietan ezarritako desberdintasunezko balantzak zur eta lur utziko du.

Ez du inolaz ere erantzungo, botere guztia gizonarena delako. Ondo baino hobeto ikasi du hori, eta erantzuteko aukerarik emango ez dion “babesgabetasun ikasian” sartuko da emakumea.

“Ezkontza-bidaiaren” fasea

Erasotzailea bere jokabideagatik damutuko da (lehenbiziko aldietan, behintzat), barkamena eskatuko du eta aldatuko dela aginduko du. Izan ere, aldatu egingo da benetan. Fase honetan, munduko gizon “liluragarriena” izango da, emakumeari gosaria eramango dio ohera, zauriak sendatuko dizkio, etxeko lanez arduratuko da eta emakumearen esku utziko du botere guztia.

Emakumea ezin hobeto dago, boterea dauka eta bere gizona atze-atzetik dabil gauza guztiez arduratzen eta bete-betean maitatzen. Gizonak ez dizkio hainbeste muga jarriko, apur bat baretuko da eta irteten utziko dio. Edaten bazuen edateari utziko dio. Izan ere, terapiara ere joango da.

Genero-indarkeriaren gorakada

Biktimaren barkamena lortu duenean, berriro ere egongo da seguru harremanean. Emakumea berreskuratu du eta ez dio atsegin gehiago eman behar. Berriro ere, samindu egingo da, abusuak hasiko dira berriro eta, emakumeak botere lortu berria erabili nahi duenean, gogor zigortuko du.

Emakumea gero eta menpekoagoa izango da, gero eta energia gutxiago edukiko du borrokatzeko (babesgabetasun ikasia). Emakumeak barik, ziklo horiek senarrak edo bikotekideak kontrolatuko ditu, eta “ezkontza-bidaia” noiz amaitzen den erabakiko du.

Edozer egiten duela ere, bera konturatu egingo da senarraren jokabidea kontrolatzerik ez duela. Tratu txarrak arbitrarioak eta bereizgabeak izango dira. Emakumeak harremanean bizirik irauteko edo seme-alabak ez inplikatzeko indarra baino ez du edukiko.

Indarkeriaren zikloak elkarren segidakoak izango dira, harik eta azkenean “ezkontza-bidaiaren” fasea desagertzen den arte.

Iturria: Instituto de Sexología

Hona hemen zenbait “adierazle”. Oso lagungarriak izan daitezke inolako genero-indarkeriarik jasaten duzun ala ez jakiteko. Batez ere, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria psikologikoa agertuko da, baita bikotetik kanpoko “behe-intentsitateko” eraso sexualak, jazarpen sexualak eta/edo sexuagatiko jazarpenak ere. Izan ere, ez dira hain erraz antzematen, harremanean bertan "arruntzat" hartu daitezkeelako eta, jazarpenetan, "gizartean onartzen” direnen artean ezkutatu daitezkeelako.

Baliteke genero-indarkeria jasatea, zure bikotekideak honako hauxe egiten badu:

  • Zer egiten duzun kontrolatzen du, era guztietako azalpenak eskatzen dizkizu eta zer pentsatzen duzun ere jakin nahi du. Berarekin "sekreturik” ez edukitzea nahi du.
  • Zehatz-mehatz jakin nahi du nora zoazen eta non eta norekin egon zaren; leku bakoitzean zenbat denbora ematen duzun; kanpoan luzaroan egongo zaren; eta zer ordutan itzuliko zaren. Etengabe deitzen dizu, egiaztatzeko, edo zu zauden lekura edo etxera “joaten da”.
  • Etengabe behatzen zaitu, kritikatu egiten zaitu edo zeure janzkera, orrazkera eta makillajea aldatzen ahalegintzen da edo, besterik gabe, zeure hizkera edo jokabidea aldatzea nahi du.
  • Debekuak jartzen dizkizu edo mehatxatu egiten zaitu honako arlo hauei dagokienez: ikasketak, lana, ohiturak, jarduerak edo harremanak.
  • Zure senide, adiskide, auzokide, ikaskide edo lankide guztiak ezagutu nahi ditu, nolakoak diren jakiteko. Gero, bizitza osoan zehar kontrolatuko ditu, susmoak edukiko ditu eta ez du eurenganako konfiantzarik edukiko.
  • Eskandaluak egiten ditu jendaurrean edo esparru pribatuan zuk edo beste batzuek egin edo esandakoagatik.
  • Irtenaldi edo bileretan, “bertan behera” uzten zaitu, inolako azalpenik eman gabe eta bere erantzunaren arrazoiak zein diren argitu gabe.
  • Ez du inoiz zer pentsatu edo nahi duen adierazten eta esaten. Hala ere, zer gertatzen zaion edo zer nahi duen asmatzea nahi du, baita bere pentzura egotea ere.
  • Batzuetan, aginduak ematen dizkizu, eta, beste batzuetan, bere isiltasunaz, jarrera zakarrez, desatseginez edo mututasunez “hiltzen zaitu”. Nahiz eta nahi izandakoa lortu, ez du jarrera hori alde batera utziko.
  • Haserre eta frustratuta dago gauzak nahierara irteten ez badira, garrantzizkoa eta azalekoa bereizi gabe.
  • Bere ustez, zu zeu zara gertatutako guztiaren erruduna, eta halaxe dela sinesten duzu. Izan ere, itzulia ematen dio guztiari, harik eta nahasten zaituen arte edo nekatuta eta ezinean uzten zaituen arte.
  • Ez du inolako erantzukizunik onartzen zuon harremanean eta zuoi bioi gertatzen zaizuen guztian.
  • Ez dizu barkamenik eskatzen, ezergatik ez.
  • Beste batzuekin erkatzen zaitu, eta deseroso bezain irainduta uzten zaitu. "Beste era batekoa izango bazina… ez nuke..."; "Gutxienez, berendiak ondo egiten ditu gauzak, ez zuk bezala...".
  • Nahierako arauak ezartzen ditu harremanean (egunak, ordutegiak, irtenaldi-motak...).
  • Galderarik egiten badiozu edo kolokan jartzen baduzu, senide edo adiskideek “burua bere aurka berotzen” dizutela esaten dizu, maite ez dutela eta "pozoitu” egiten zaituela, “harremanagatik jeloskor edo ondamutsu daudelako”. Horrela, gaia desbideratu eta ez du inoiz bere jokabideagatik erantzuten.
  • Utzi egingo zaituela mehatxatzen zaitu, berak nahi duen guztia egiten ez baduzu.
  • Errukia sentiarazten du, bere bizitza edo haurtzaroa zoritxarrekoa izan dela behin eta berriro esatean edo justifikatzean.
  • Ez du onartzen etorkizunerako planik egitea edo eztabaidatzea. Ez du konpromisorik eta hitzarmenik onartzen harremana hobetzeko.
  • Maitasuna, laztanak eta atentzioak jasotzen ditu, baina ez ditu inoiz itzultzen.
  • Bere izaera onartzea nahi du eta emakume “zirikatzailea" edo posesiboa zarela diotsu, bere jarrerei buruz ezer badiozu.
  • Zure egintzak edo ezaugarriak ez ditu inoiz benetan onartzen eta suspertzen.
  • Ez da oso adeitsua, isolatu egiten da eta ez du inolako begirunerik zure familia eta lagunekin.
  • Minbera da eta adi-adi dago berari buruz zer dioten entzuteko. Azkar haserretzen da, eta gainerakoak bere atzetik dabiltzala uste du.
  • Zure maitasuna probapean jartzen du trikimailu zein engainuen bidez, tranpak jartzen dizkizu engainatzen duzun jakiteko, gezurra diozun asmatzeko, maite duzun igartzeko...
  • Gutiziatsua, aldabera eta kontraesankorra da. inork menderatuko ez duela dio.
  • Ez du zintzo hitz egiten edo eztabaidatzen bikotearen gatazka edo desadostasunei buruz.
  • Limurtzailea bezain atsegina da mundu guztiarekin, baina zurekin oso ankerra da.
  • Bere kabuz erabakitzen du, zuri ezer galdetu gabe, zure gauzei buruzko erabakia izan arren.
  • Beti-beti hitz ematen dizu bere akatsak edo zaletasunak aldatuko dituela. Ez du inoiz agindutakoa betetzen, baina behin eta berriro dio egin egingo duela.
  • Emakumeak beheragoko mailakoak direla eta gizonek esandakoa egin behar dutela uste du. Bestela, ez du halakorik esaten, baina hori uste izango balu bezala jokatzen du.
  • Prest ez zaudenean, harreman sexualak eduki nahi baditu, era guztietako trikimailuak jartzen ditu abian: zaharkituta zaudela diotsu; berarekiko sentipenak edo maitasuna jartzen du kolokan; frigidoa zarela leporatzen dizu; lotsatu egiten zaitu arraroa zarela sentiarazten; “bero egonda askatzeko aukerarik ez" daukala aurpegiratzen dizu; eurekin oheratzeko asmoz, beste batzuen bila joango dela mehatxatzen dizu; zure osasuna edo bat-batekotasuna jartzen du kolokan; “emakume izateko ikara” duzula diotsu; gurasoen printzipio, moral edo erlijiora lotuegi egoteagatik kritikatzen zaitu; zure akatsak nabarmentzen ditu.
  • Emakumeei egiten die iseka edo zakar edo mesprezuz hitz egiten du eurei buruz. Ez du nahi zu gainerako emakumeak bezalakoa izatea eta nahierara aldatu nahi zaitu.
  • Den-dena txantxatzat hartzen du edo umorea erabiltzen du, bere arduragabekeria estaltzeko eta bere hutsegiteei garrantzia kentzeko.
  • Zure akatsak nabarmentzen ditu, errudun eta gaizki sentitu zaitezen.
  • Haserrealdiak erakusteko, ez du hitz egiten edo zenbait egunez desagertzen da, azalpenik eman gabe.
  • Ez dizu atentziorik jartzen eta nagusitasunez ziurtatzen du zuk baino gehiago dakiela edo esperientzia gehiago daukala.
  • Babeslea bezain aitatiarra da. "Badakit zer den ona zuretzat, onena nahi dut zuretzat, onena egiten dut zuretzat”.
  • Haserretu egiten da eta indarkeria-eztandak ditu. Gero, ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzen du.
  • Bidegabe leporatzen dizu beste gizon batzuekin limurtu, irten edo elkartu nahian zabiltzala. “Beste batzuekin oheratzen zarela” aurpegiratzen dizu.
  • Gustuko ez dituzun izenak, laburdurak edo hitzak erabiltzen ditu.
  • Bere negozioak, ikasketak edo betebeharrak munduko garrantzitsuena eta bere bizitzako funtsa direla uste du. Horretara egokitzeko eskatzen dizu.

Iturria: Instituto de Sexología

Eraso sexuala zer den jakingo duzu:

  • Ingurunea eta egoera edonolakoak direla ere, pertsona horrek zure baimenik gabe bere gorputza igurtzi edo ukitu egiten zaituenean. Jai-giroan bada ere, inork ez du zure gorputza zure baimenik gabe ukitzeko eskubiderik.
  • Hitzen bidez edo zuretzat higuingarriak diren keinuen bidez zurekin harreman sexualak eduki nahi dituztela etengabe adierazten dizutenean.
  • Pertsona horrekin harremana edukitzea onartu duzunean baina iritziz aldatu eta berak zure lehenengo EZETZA ere onartzen ez duenean.
  • Zurekin harremana daukan pertsonak zuk ezarritako muga gainditzen duenean eta errespetatzen ez zaituenean.
  • Harremana zuganako boterea edukitzeko erabiltzen duela nabaritzen duzunean eta baimendutako jokoa izan gabe mendean hartu nahi zaituenean, indarraren, gutxiespenen eta irainen bitartez.
  • Edanda edo drogatuta dagoelakoan norbaitek eraso sexuala justifikatzen duenean.
  • Pertsonak limurketa-jokoa ulertu nahi ez duenean eta “hasitakoa amaitu behar duzula” behin eta berriro dioenean.

Honelako egoeraren batean bazaude, jazarpen sexuala eta/edo sexuagatiko jazarpena jasaten ari zara:

  • Zirriak, atximurrak egiten badizkizute edo nahita zure gorputzean igurzten direla igartzen baduzu, beharrezkoak ez diren zirriak edo ukipenak gertatzen badira...
  • Lizunkeriaz begiratzen badizute edo sexu-kutsuko keinuak, begi-keinuak, txistuak... egiten badizkizute.
  • Nahi gabeko posta elektronikoak eta testu-mezuak jasotzen badituzu edo eduki sexualeko gutun anonimoak jasotzen badituzu...
  • Iruzkin edo iradokizun sexualak egiten badizkizute, txiste sexualak kontatzen badizkizute edo inolako zentzurik gabe fantasia erotikorik daukazun galdetzen badizute...
  • Argi eta garbi mesede sexualak eskatzen badizkizute eta, batzuetan, lan-arloko igoerarekin lotzen badute...
  • Zure lan-esparruan emakumeak daudela mesprezuz aipatzen badute, zure sexuaren arabera lan hori egiteko gai ez zarela esaten badute...

Horrelako egoeraren batean zaudela uste baduzu eta pertsona espezializatuekin hitz egin nahi baduzu, 24 orduko atentzio-zerbitzura deitu 900 840 111 telefonora. Bertan, entzun eta lagundu egingo dizute, eta inork ez du jakingo bertara deitu duzula, isilpeko zerbitzua delako eta fakturetan erregistratuta ez dagoelako.

Azken eguneratzea: 2011/09/22