Nora jo

Genero-indarkeriapean zaudenean, estu eta larri zaude ez duzulako alternatibarik eta irtenbiderik ikusten. Urratsik emateko gai izango ez zarela uste duzu eta ez dakizu zein izango litzatekeen lehendabizikoa, hori egitea erabakiz gero.

Jakin egin behar duzu etengabeko irainak, laidoak, mehatxuak eta senide zein lagunengandiko isolamendua tratu txarrak ematen dituenaren, erasotzailearen edo jazarlearen estrategiak direla eta, horren ondorioz, babesgabetasuna zein bakardadea sentitzen dituzula: harreman horri eutsi behar diozula uste duzu eta oztopo guztiak gaindiezinak dira zuretzat.

Gauza bera gertatzen da jazarpen sexualpean bazaude, beti ez dugulako behar beste informazio eta ez gaudelako egoera onenean erabakitzeko askatasuna dugula sentitu ahal izateko. Eraso sexualaren ostean, blokeo mentala, lotsa eta beldurra ere badira oztopo handiak, laguntza eskatzea erabakitzeko orduan.

Urrats eta baliabideen gida

Ageri-agerikoa da ez dela batere erraza genero-indarkeriapetik irtetea eta gainditzea: eraso sexuala, tratu txar fisikoak eta/edo psikologikoak, jazarpen sexuala eta/edo sexuagatiko jazarpena... Emakume biktima bakoitzaren inguruabarrak eta bizi-prozesua desberdinak direnez, oso garrantzitsua da lehen urratsa ematea, edozein dela ere, eta, bertatik, zeure irtenbidea bilatzea eta bizimodua berreratzea.

Hala ere, argi eta garbi dugu zein izan beharko litzatekeen helburua: horrelako indarkeriarik berriro ez jasatea, ondorioak gainditzea eta behar besteko baliabideak eskaintzea, behar den moduko babesa eta laguntza izan ditzazun.

Atal honetan, urratsen eta baliabide orokorren gida egin nahi izan dugu, zeure unean nahiz premian lekuratu zaitezen eta, zeure erara eta laguntza espezializatuaren bidez, beste urratsetara eramango zaituen lehenengo urrats hori eman dezazun.

Informaziorako lehen urratsa eman nahi baduzu, laguntza berezirik jaso nahi baduzu (psikologikoa, ekonomikoa, asistentziala...) eta babesa behar duzula eta egoera salatu behar duzula uste baduzu, atal honetara hurbildu eta lehen urratsa eman... Izan ere, INDARKERIARIK GABE bizitzea merezi duzu eta lortu egin dezakezu.

Informazio gehiago jaso nahi baduzu, zalantzarik baduzu eta nola jardun argi ez baduzu:

Azken eguneratzea: 2011/09/22