Azken eguneratzea: 2013/03/05

Segurtasun Sailak galduta edo arrisku-egoeran dauden pertsonak WhatsApp bidez aurkitzeko sistema ezarri du

Smartphone-etan txertatutako GPSaren aktibazioari esker

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren menpe dauden SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroek aurreikusten dute galduta edo arrisku-egoeran dauden pertsonak WhatsApp erabiliz aurkitzeko aukera, horien erreskatea egiteko zein orientatzeko; hain zuzen, smartphone-ek eraman ohi duten GPS sistemaren aktibazioari esker.
 
Sistema berria aurreko asteburuan Urduña aldean (Bizkaia) egindako erreskate batean arrakastaz probatu zen eta bere dinamikak eskatzen du galduta edo arrisku-egoeran dagoen pertsonak lehenik eta behin 112 telefono-zenbakira deitzeko eta bertan deia erregistratuta geratuko da.

Hortik aurrera, betiere 3G estaldura egonez gero, SOS Deiak Koordinazio Zentroetako operadoreek telefono-zenbaki bat emango diote laguntza eskatu duenari bere kontaktu-agendan gehitu dezan WhatsApp bidezko elkarrizketa izateko aurretiazko urrats gisa.

Sistema horren bidez harremanetan jarri ondoren, egoera larrian dagoen pertsonari bere telefonoaren GPSa aktibatzeko eskatuko zaio eta horrek ahalbidetuko du non dagoen jakitea, gutxi gorabehera, hamar metroko errore-tartearekin. Frogatuta geratu da geolokalizazio-sistema koordenatuen zifrak ahoz esatea baino seguruagoa dela eta, jakina, azkarragoa eta errazagoa.

Prozesuaren hirugarren eta azken urratsa kokalekua bidaltzea da. WhatsApp-en aplikazioak ahalbidetzen du, zehazki “erantsi fitxategia”-aren kliparen bitartez edo “bidali kokalekua” aukeraren aurre-programazioaren bitartez.

Aplikazio horrek eskaintzen dituen abantaila handiak ikusita, mendizaleei gomendatzen zaie beren smartphone-etan txertatzeko eta, halaber, irteera egin baino lehen harekin praktika dezatela gero tentsio- eta urduritasun-egoeretan gerta daitezkeen arazoak ez izateko.

Interesdunentzako jakinarazpena

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ezagutzera eman du pertsonak aurkitzeko sistema berri hau hartu duela larrialdien eremuarekin eta aire zabaleko jarduerekin nola edo hala lotuta dauden erakundeei zuzendutako gutun bidez (Osakidetza-Larrialdiak, Euskal Mendizaleen Federazioa, boluntarioak, etab.).

Gutunean horiei guztiei laguntza eskatzen zaie sistema berria zabaltzeko eta, aldi berean, gogorarazten da oso garrantzitsua dela BETI 112 telefonora deitzea SOS Deiak aplikazioa aktibatzeko aldez aurreko ezinbesteko urrats gisa.