Azken eguneratzea: 2012/02/07
Tenperaturek jaisten jarraituko dute
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak biharko, asteazkenerako, elurragatiko alerta laranja eman du EAE osorako. Euskalmeten arabera, tenperaturek jaisten jarraituko dute eta elurra izango dugu, prezipitazioak ez dira ugariak izango.
Euskalmeten aburuz, elur-kota bihar itsaso-mailan egon daiteke; hori dela eta, EAEko edozein lekutan elurra egin dezake, hiru hiriburuak barne.
Hiru hiriburuetarako aurreikusitako tenperatura minimoak hauek dira: 0º C Bilbon, -4º C Donostian eta -5º C Vitoria-Gasteizen.
Edonola ere, Euskalmetek aurreikusten du ekialdean (Gipuzkoa) zerua ateriago egongo dela; horren ondorioz, tenperatura minimoak oso baxuak izango dira bai lurralde horretan, bai Arabako ekialdean. Prezipitazioa, aldiz, zenbat eta mendebalderago egon, orduan eta ugariagoa izango da.
Biharko, asteazkenerako, aurreikusitako elur pilatua hau izango da: 2-8 cm inguruan Vitoria-Gasteizen, 1-4 cm Donostian eta 0-5 cm Bilbon. Elur moduko prezipitazioak ahulak izango dira.
Euskalmeteko iragarpenak dioenez, gaur, asteartean, prezipitazioak gero eta urriagoak izango dira eta tenperaturak behera egingo du. Horren ondorioz, elur kota gauean itsaso-mailan egongo da. Horregatik, Herrizaingo Sailak gaurko ohar horia eman du, bai tenperaturagatik eta izotzagatik, bai elurragatik.
Ostegunerako, hilak 9, aurreikusitako egoerak adierazten du tenperaturak igotzen hasiko direla eta prezipitazioak urriak izango direla. Horregatik, tenperaturei eta elurrari dagokienez, Herrizaingo Sailak alerta laranja aldatu du eta ohar horia eman du.
Azkenik, Euskalmetek azpimarratu du hotz gutxiago izango dugula aurrekoan baino. Haizearen intentsitatea txikiagoa izango da; hori dela eta, sentsazio termikoa ez da orain dela gutxi bizi izandakoa bezain nabarmena izango.
Oharra: Egoeraren garapena eta iragarpen eta ohar desberdinen eguneraketa jarraitzea aholkatzen da (www.euskalmet.euskadi.net) eta Twitter @Euskalmet –en