Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Herrizaingo Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2009/06/25
Herrizaingo Sailak EAEko errepide eta trenbideetako tunel sarerako larrialdi planak eratuko ditu
Europako, estatuko eta erkidegoko arautegietan bilduta

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak EAEko errepide eta trenbideetako tunel sarean jazo litezkeen larrialdi kasuei erantzuteko Jarduera Plan bat eratzeko lanean ari da. Plan berri honek, egun Larrialdiei Aurre Egiteko Sistema osatzen duten sektore-plan guztiak eta abian dauden taktikak elkartzeko helburua izango du.

Proiektu berri hau Europako, estatuko eta erkidegoko arautegietan bilduta dago, errepide eta trenbideetako tunelen sarearen segurtasuna arautzen duen sailaren barruan. Gaur egun EAEk, daukan orografia dela medio, errepideetako hainbat tunel dauzka eta hauetako askok 500 metroko luzeera gainditzen dute. Eibar eta Gasteiz lotzen dituen AP-1 autobideak, esaterako, 13 tunel dauzka eta horietatik bederatzik dute 500 metrotik gorako luzera; Isuskitzako tunelak 3.415 metro ditu. Aste honetan bertan jarriko da martxan Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen duen N-121A errepideko tarte berria. Zati honek 170 eta 490 metroko tunel bi izango ditu.  

EAEko tunel sarea nabarmenki haziko da Abiadura Handiko Trena abian jartzearekin batera. Trenbide honek 104 kilometro izango ditu guztira eta distantzia honen %60a tunelak izango dira. Tunel bakoitzari egokitutako Jarduera Planak abian jartzea da Herrizaingo Sailaren asmoa eta horrela, Larrialdi Zerbitzuen, Ertzaintzaren, Suhiltzaileen, Osakidetzaren eta bestelako taldeen heziketa sustatzea gertakari ororen aurrean talde bakoitzak bere zereginak argi izan ditzan kasu bakoitzerako beharrezko baliabide eta langileekin. Era berean, talde hauek SOS Deiakeko Zentroekin duten koordinazioa indartu nahi da.

Tuneletan jazotzen diren larrialdi kasuetan komunikazioek paper nahitaezko eta erabakigarria izan ohi dute. Hau dela eta, Herrizaingo Sailak irrati bidezko komunikazioak erraztuko dituen sistemak tunel sare osoan zehar ezartzen jarraituko du, orain arte Bilboko Metroa bezalako lurrazpiko azpiegituretan ezarri direnak kasu.    

Herrizaingo Saileko larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritza Plan hauek aurrera eramateko egutegi bat zehazten ari da. Helburu hau betetzeko, azpiegitura bakoitzari dagozkion instituzioetako eta larrialdietako aditu taldeak sortuko dituzte. Era berean, tuneletan gerta litezkeen larrialdi kasuen inguruko informazioa emanez eta kasu bakoitzean jarraitu beharreko pausu eta aholkuak adieraziz hiritarrei zabalduko dizkien kanpainak zabalduko ditu Herrizaingo Sailak.  
 
Mont Blanc kasua
 
1999. urteko martxoan, Frantzia eta Italia arteko mugan dagoen Mont Blanceko tunelean (12 kilometro luze ditu) jazotako ezbehar lazgarri baten ondorioz eratu zen tunelen inguruko Europako araudia. Istripu hartan 39 pertsona hil ziren eta tunelaren egiturak kalte larriak jasan zituen. Hura bezalako ezbeharretan larrialdi taldeek izan ohi dituzten arazo nagusiak tunel barruan izaten diren tenperatura altuak, ikuspen eskasa eta arnasa hartzeko ezintasuna izaten dira. Barrualdeko komunikaziorik eza edota sarbideen ixtea ere badira kanpoaldeko larrialdi taldeen lana oztopatzen duten beste faktore garrantzitsu batzuk.      

Heziketa berezituko ohiko programen barruan, Herrizaingo Sailak iaz (2008an) EAEko 60 suhiltzaileri bideratutako ikastaro berezi bat antolatu zuen tuneletako eta gainezka dauden egituretako suteen aurrean zer egin ikas zezaten. Ikastaro honetako parte hartzaileek Santa Barbara Fundazioko adituen heziketa jaso zuten Leoneko tunel eta meategi zahar batzuetan.    

Era honetako ezbeharretan, merkantzia arriskutsuen garraioa faktore larrigarria izan daiteke batez ere, toki itxietan jazotzen badira. Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzak larrialdi talde ezberdinen heziketa berezitua eta kasu hauetarako material egokia bereganatzeko asmoa du material arriskutsu hauek tarteko direla gertatzen den edozein istripuri behar bezala aurre egin ahal izateko.