|
Ertzaintzak eta Udaltzaingoek bihar, astelehena, hilak 22, EAEko errepide guztietan merkantzien garraioen kontrol eta zaintza kanpaina bat hasiko dute. Ekimenaren helburua mota honetako ibilgailuen ezbehar-kopurua aurreikustea eta garraioen arautegia betetzea da, batez ere merkantzia arriskutsuen garraioan. Joan den 2008ko martxoan eta urrian egindako bi kanpainetan, agenteek 6731 ibilgailu kontrolatu zituzten, euskal bide sare osoan egindako 534 dispositiboetan. Egin zituzten miaketen ondorioz, 760 garraiari zehatu zituzten.
Bihar, astelehena, hilak 22, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek 3.500 kilogramoko araututako pisu maximoa baino gehiago duten garraio ibilgailuen kontrolak indartuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan. Ekimenak astebeteko iraupena du eta 2007-2010 Euskadiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan kokatuta dago.
Zehazki, datorren astean zehar, ekainaren 22a eta 26a bitartean, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek garraio astunaren jagoletza indartuko dute euskal bide sarean, mota horretako ibilgailuen ezbehar kopurua aurreikusteko eta garraioen arautegiaren kontrola betetzeko, arreta berezia jarriko diote merkantzia arriskutsuen garraioari. Ekimen horretan parte hartuko duten agenteek honako alderdiak izango dituzte kontuan: merkantziaren egokitzea, ibilgailuaren pisua, pneumatikoen egoera, takografoaren datuak aldatu izana eta gidatzen zenbat denbora eman duten.
Era berean, prebentziozko alkoholemia probak egingo dizkiete gidariei. Arauetako bat ez betetzeagatik ibilgailua ibilgetzeko neurria hartu beharko balute, lekurik hurbilena eta aproposena eta gidariarentzat gutxieneko zerbitzu batzuk dituena bilatuko dute agenteek.
2008ko martxoan eta urrian egindako kanpainetan, aste beteko luzera ere izan zuten horietan, Ertzaintzaren Trafikoko Unitateek eta hiru euskal hiriburuetako Udaltzaingoek 6731 ibilgailu baino gehiago kontrolatu zituzten, euskal bide sare osoan egindako 96 dispositiboetan. Egin zituzten miaketen ondorioz, 760 garraiari zehatu zituzten.
|