| Azken eguneratzea: 2008/04/09 |
| Motorrak, alkohola eta drogak, abiadura eta harrapatzeak, 2008ko bide segurtasun planaren lau lehentasunak Euskadin |
| 2010erako jarritako helburua, errepidean hildakoen kopurua % 50 murriztea, 2007an lortu zen |
|
|
|
Motorren eta ziklomotorren istripuak murriztea, alkoholaren, drogen eta abiadura handiegiaren aurka borrokatzea eta harrapatzeak ekiditea dira Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasun Batzordeak, Herrizaingo Saila buru duen taldeak, 2008. urterako ezarri dituen lau lehentasunak. Aurten, bide segurtasunari begira 241 jarduera egitea aurreikusi dute, eta 16,5 milioi euroko aurrekontua dute horretarako.
Euskadin 80 pertsona hil ziren 2007an hiriarteko bideetan, eta, horrela, Bide Segurtasunen Plan Estrategikoan jarritako helburua, 2010erako hildakoen kopurua % 50 murriztea, gauzatu egin zen.
Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako, udaletako eta talde pribatuetako 32 erakundek hartzen dute parte gaur egun Bide Segurtasunaren Plan Estrategikoa 2007-2010en. Bide Segurtasun Batzordea, erakunde horiek guztiak biltzen dituen lan eta koordinazio foroa, joan den astelehenean bildu zen Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, eta 2007ko balantzea eta 2008rako jarduera plana onartu zituen.
2007an, 80 pertsona hil ziren Euskadiko errepideetan trafiko istripuetan, aurreko urtean baino % 13 gutxiago. Horrela, Plan Estrategikoko helburu nagusia gauzatu da; izan ere, 2010erako errepideetan hildakoen kopurua 84ra (2001ean baino % 50 gutxiago) jaistea aurreikusi zuten bertan.
Bileran, Plan Estrategikoaren beste alde positibo batzuk azpimarratu zituzten, hala nola parte-hartzaileen kopurua eta inplikazio maila hazi izana, ekimenak hiriguneetara ere bideratu izana, eta bide segurtasunaren bilakaeraren berri modu zehatzagoan izatea ahalbidetu duten adierazle sistema berria erabiltzera pasatu izana.
2007ko balantzea
2007ko jardueren lehentasunak ibilgailu astunak, eskola garraioa, motozikleta eta ziklomotorrak, abiadura eta alkohola eta harrapatzeak izan ziren. Ekitaldi horretan, ohiko jarduerak ez ezik, garraiolarientzako trebakuntza ikastaroak, eta garraio eta eskola ibilgailuak kontrolatzeko plan bereziak ere egin zituzten, besteak beste.
Bestalde, Jaurlaritzako Industria Sailak ziklomotor eta motozikleten Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egiteko 8 instalazio finko eta 5 mugikor abiatu zituen, errepidean izaten diren bi gurpildun ibilgailuak ahalik eta egoera onenean daudela bermatzeko. Abiadurari dagokionez ere, ohiko kontrolak egiteaz gain, hiriarteko bideetan abiadura moteltzeko sistemak jarri zituzten eta abiadura neurtzeko hainbat ekimen egin ziren. Horiek erakutsi dutenez, ibilgailu gutxiagok gainditu zuten gehienezko abiadura.
Halaber, biktimak utzi dituzten errepide istripuetan nahasitakoek emandako positiboen kopuruari begiratuta, gidariek alkohol gutxiago hartu dutela ikusten da (2003tik % 13,8koa baino handiagoa izan da jaitsiera hori), eta 2007an ere joera horixe izan dela erakusten dute 2007ko behin-behineko datuek. Esparru horretan, alkohola hartu izanak gidariengan zer arrisku daukan erakusten duten ikastaroak eskaini dituzte, esate baterako.
Harrapatzeak ekiditeko, berriz, istripuak zergatik gertatzen diren erakusteko ikastaroak eta publizitate kanpainak egin ziren, eta ibilgailuak oinezkoen guneetara sartzen ote ziren zaindu zen.
Gainera, datuak behin betikoak ez badira ere, joan den ekitaldian segurtasun uhalaren eta kaskoaren erabilera handitu egin zela esan daiteke. Biktimak utzi zituzten istripuen % 55etan erabili zuten segurtasun uhala, eta % 87an kaskoa.
2008rako lehentasunak
Batzordeak lau lehentasun ezarri ditu 2008rako: motozikletak eta ziklomotorrak, alkohola eta drogak, abiadura, eta harrapatzeak ekiditea; jarduera esparru horietan guztietan hobetu behar da. Aurtengo, 241 jarduera egitea aurreikusi dute, eta horietako batzuk martxan edo eginda daude dagoeneko. Jarduera horietarako aurrekontua 16,5 milioi eurokoa da.
Egitasmo nagusien artean, mugikortasun segururako hezkuntza gida bat garatzea dago, baita Ertzaintzaren eta udaltzaingoen 21 kanpaina biltzen dituen zaintza eta kontrol plana ere. Azken horrek jasotzen duenez, herritarrek kontzientzia hartzera bideratutako hainbat ekintzaz gain, gidariek, batez ere motor gidariek, abiaduraren, alkoholaren eta drogaren, sakelakoaren erabileraren, harrapatzeen eta beste hainbat arazoren aurrean ohitura positiboak hartzeko ekimenak egingo dira.
Lehentasun handia duen beste proiektu batek istripua izan dutenak hobeto artatzea eta trafikoa kudeatzeko aplikazioa abian jartzea ditu helburu.
Gainera, Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako Mahaiari dagokionez, istripuak zerk eragiten dituen aztertzea izango da lehentasuna. Hiri zirkulazioaren esparruan, berriz, hiri mugikortasun seguruaren planak zabaldu eta sustatu nahi dira.
|
|