Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Herrizaingo Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2008/04/07
0 eta 100 urte bitartekoentzat mugikortasun segururako hezkuntza-gida sortu du herrizaingo sailak
140 pertsonak parte hartu dute dokumentua sortzen eta bide-hezkuntzarako eredu izango da hurrengo urteetan
Herrizaingo Sailak Mugikortasun segururako hezkuntza-gida sortu du bide-hezkuntzaren esparruko hainbat profesional eta eragile sozialen laguntzaz. Dokumentu hori 0 eta 100 urte bitarteko pertsona guztientzat oinarrizko heziketa-ibilbidea izango da hurrengo urteetan. Gida osatzeko, Trafikoko Zuzendaritzako teknikoen gidaritzapean, urte bat baino gehiago eman dute lanean hainbat taldek hala nola, zenbait bide hezitzailek, irakaslek, gizarte langilek, ertzainek, udaltzainek, auto eskolako irakaslek, emaginek, sendagilek eta hirugarren adinekoen, txirrindularien eta motor gidarien elkarteetako hainbat ordezkarik ere. Guztira, 140 bat pertsonak parte hartu dute proiektua sortzeko orduan. Ekimen horren bitartez, gai horretan salto kualitatibo bat eman nahi dute bide segurtasunaren eskariei erantzuteko eta, era horretan, ezbehar-tasa murrizteko helburua lortzeko beharrezkoa den aldaketa kulturala sendotzen laguntzeko. Dokumentu horrek azken bi hamarkadetako esperientzia aprobetxatzen du eta edozein adin tartekoentzako bide-hezkuntzan ari diren gizarte-hezkuntzako erakunde eta eragileentzako (eskola eta ikastetxeak, osasunaren prebentziorako profesionalak, aisialdirako enpresa edo zerbitzuak, adibidez) eredu izan nahi du. Zazpi konpetentzia Gidak prebentzioaren aldeko apustua egin du, pertsonek arriskuaren pertzepzioa handitu dezaten eta jarrera seguruagoa izan dezaten lortzeko oinarrizko estrategia gisa. Autonomia eta erantzukizuna dira prebentzioaren oinarria, testuaren arabera. Gaur aurkeztu duten dokumentuak, helburu horiek erdiesteko, oinarrizko zazpi konpetentzia lortzea du helburu: arreta; zaurgarritasunaren eta arriskuaren kontzientzia; ingurunearen azterketa; taldeko presioarekiko erresistentzia; egokitzapena eta malgutasuna; neure burua eta nire emozioak kudeatzea; eta bideari lotutako egoeretan estresa kudeatzea. "Gidatzen ari garela, emozionalki hunkigarriak diren elkarrizketak saihestea" Arreta izena duen konpetentzia dagokion jarrera egokiaren adibide bat izan daiteke. "Nagusia naiz eta, ondorioz, zaurgarriagoa, beraz, erorketen eta harrapatzeen arriskua txikitzen saiatzen naiz" Arriskuaren kontzientziari dagokion jarrera egoki bat da. Ingurunearen azterketaren barruan, zirkulazio handia dagoenean gainontzeko ibilgailuak arreta handiagoz behatzen dituen pertsonaren jokabidea aipatuko genuke. Taldeko presioarekiko erresistentziari dagokionez, "semaforoa gorri dagoenean kalea ez gurutzatzea, nahiz eta besteek gurutzatu" gisako ekintzak nabarmenduko genituzke; era horretako ekintzen bitartez, norberak bere irizpidea gailenduko du masaren irizpidearen aurrean. Egokitzapena eta malgutasuna deitzen den konpetentziaren helburua pertsona bat egoera desberdinei aurre egiteko gai izatea da, adibidez, "gidatzeko estiloa aldaketa- eta zahartze-prozesuari egokitzea". Neure burua eta nire emozioak kudeatzearen konpetentziak nor bere barne-egoeraz jabetzea eta arriskuak txikituz jokatzea du helburu. Era horretan lortu liteke, adibidez, "modu irregularrean aurreratu egiten duten gidari batek ez haserretzea erabakitzea eta segurtasun-distantzia handitzea, modu oldarkorrean gidatu beharrean". Bideari lotutako egoeretan estresa kudeatzea estimulu negatiboen aurrean presioari aurre egiteko autokontrolerako baliabideak edukitzeko laguntzen du, adibidez, "gidatzen ari garela umetxo bat etengabe negarrez ari denean" autokontrola edukitzeko. Dokumentu horrek konpetentzia horiei buruzko edukiak, orientabide didaktikoak eta ebaluazioak dauzka eta eredu izango da eskolekin nahiz agureen etxeekin zerikusia duten hainbat ekintza eta ekimen hezitzaile programatzeko orduan. Bide-prestakuntza 40 mila pertsonarentzat Euskadin Aurreko ikasturtean Herrizaingo Sailak, zortzi udaletxe nagusiek eta elkarte pribatuek bide-hezkuntzarako eta bide-prestakuntzarako ekintzak antolatu zituzten Euskadin 40 mila pertsona baino gehiagorentzat. Ekimen horien gehiena Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendu zitzaien; hala ere, gizarteko beste talde batzuei ere (haurdun zeuden emakumeak, agureak eta urritu psikikoak) zuzendu zitzaizkien alor horretako ekintzak.