|
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak haize-denboralea iragarri du gaurko eta biharko. Bereziki arriskutsua izango da itsasoan eta kostaldean, izan ere, 100 km/h-tik gorako haize-boladak eta 9 metrorainoko olatuak espero dira.
Euskalmet Euskal Meteorologia Zerbitzuak olatuen altuera adierazgarriena 5 m ingurukoa izatea espero du gaurko, baina arratsaldean 7-8 m inguruko olatuak izango dira. Astearte goizaldean, olatuen altuera 7-8 m inguruan ibiliko da, eta 6-7 metrora jaitsiko da goizean zehar. Halaber, gaur, astelehena, hegomendebaldeko haizea ibiliko da, moderatua, indartsua tarteka; 100 km/h-ko abiadura gaindituko du tarteka toki irekietan.
Iragarpen horren aurrean, Herrizaingo Sailak kontuz ibiltzeko eskatzen die herritarrei, bereziki kostaldean eta itsasoan, edozein motatako jarduera egiteko, eta honako gomendioak eman ditu denboraleari aurre egiteko:
· Itxi pertsiana, leiho eta leiho-tapak, eta kendu lore-ontziak, arropa esekitzekoak, oholak eta haizeak eraman ditzakeen antzeko guztiak.
· Ibilgailuak kontuz erabili, eta kostaldeko ibilbideak, bidezubiak eta haizeak jotzen dituen inguruak saihestu. Abiadura moteldu.
· Ez ontzirik erabili eta amarrak aztertu. Ez ur kirolik egin, inola ere ez.
· Ez ibili zuhaiztietatik, ez obran dauden eraikin edo aldamioetatik gertu, ezta kostaldeko pasealekuetatik ere.
· Larrialdirik izatekotan, SOS Deiak 112ra deitu.
SOS-Deiak 112ren bidez, Herrizaingo Sailak alerta egoera honen berri eman die Euskadiko emergentzia zerbitzuei, beharrezko prebentzio neurri guztiak har ditzaten.
|