Azken eguneratzea: 2012/09/28

Urriak 11, posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna

Interesdunek Correoseko edozein bulegotan eska dezakete

Urriaren 11n Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnek 2012ko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako posta bidezko botoa eskatu ahal izateko epea itxiko da. Boto mota horren bidez, hauteskundeen egunean kanpoan egoteko asmoa duten pertsonek eta, gaixotasun edo ezgaitasun fisikoagatik, bozketa lekuan bertaratu ezin diren pertsonek euren eskubidea erabil dezakete. Posta bidez bozkatzeko interesa duten hautesleek estatuko Correoseko edozein bulegotan eskatu behar dute. Urriaren 18an hautesleek, posta ziurtatu bidez eta dohainik, aukeratutako txartela dagokien hauteskunde-mahaira bidaltzeko duten epea amaituko da.

Urriaren 21eko datozen hauteskundeetarako botoa posta bidez eman nahi duten hautesleek, oraindik ere kudeatu ez badute, datorren urriaren 11ra arteko epea dute. Horretarako lehen urratsa estatuko Correoseko bulego guztietan lor daitekeen eskaera-inprimakia betetzea da. Epea abuztuaren 28ean hasi zen EHAAn argitaratutako hauteskunde deialdiarekin.

Posta bidez bozkatzeko prozedura

Ohiko posta bidez bozkatu dezakete hauteskunde egunean bozkatu behar duten lekutik kanpo egoteko asmoa duten Euskal Autonomia Erkidegoko hautesleek. Gaixotasun edo ezgaitasun fisikoa dela-eta, bozketa lekura joan ezin diren pertsonek ere hala egin dezakete. Gaixotasun edo ezgaitasun fisikoko kasuetan (egoera horiek mediku ziurtagiri ofizial bidez bermatu behar dira) eskaera notario baten edo kontsularen baimena duen beste pertsona batek egin dezake.

Behin eskaera beteta eta sinatuta, Correoseko bulego batean aurkeztu behar da. Jasotzeko ardura duen funtzionarioak hautesleari NANa eskatuko dio eta sinadurarekin bat egiten duela egiaztatuko du.

Urriaren 15a baino lehen, hautesle-erroldaren bulegoko dagokion ordezkaritzak hautesleak adierazitako helbidera honako agiriak bidaliko ditu posta ziurtatu bidez:

─       Hauteskunde-erroldaren inskripzio egiaztagiria.

─       Bozkatzea dagokion hauteskunde-mahaiko buruari zuzendutako gutun-azala.

─       “Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2012 Elecciones al Parlamento Vasco” idazpurua daraman gutun-azala, txartela bertan sartzeko.

─       Agertutako hautagaitza bakoitzaren txartela.

─       Jarraibide-orria.

Agiri horiek eskura izanda, hautesleak babestu nahi duen hautagaitzaren txartela hautatu beharko du eta “Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2012 Elecciones al Parlamento Vasco” lelopeko bozketa gutun-azalean sartu, ondoren itxiko duena. Azkenik, hauteskunde-mahaiko buruari zuzendutako gutun-azalean, hautesle-erroldako inskripzio ziurtagiria eta hautatutako txartela jasotzen duen bozketa gutun-azala gaineratu beharko ditu. Bidalketa horrek ez du frankeorik behar, baina doako eta premiazko posta ziurtatu bidez bidali beharko da. Correoseko edozein bulegotan uzteko azken eguna urriaren 17a da.

Hautesle-erroldaren bulegoko datuen bidez, pasa den autonomia-hauteskundeetan, 43.168 pertsonek eskatu zuten posta bidez bozkatzea. Horietatik, 5.424k Araban egin zuten, 25.502k Bizkaian eta 12.242k Gipuzkoan.