Azken eguneratzea: 2012/10/15

Urriaren 21eko emaitzak zabaltzeko ardura izango duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza

Informazioaren banaketa etengabea izango da egunean zehar, gertakariekin eta botoen ehunekoekin

Egun hauetan, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saila beharrezko baliabide teknikoak eta giza baliabideak prestatzen ari da, hauteskunde-prozesuarekin lotutako informazio osoa emateko eta Eusko Legebiltzarrerako urriaren 21eko hauteskundeen emaitzak argitaratzeko. Hauteskunde-prozesuaren urrats nagusiei buruzko prentsa-komunikatuez gain, bozketen egunean, informazioa emateko baliabide ugari jarriko dira, Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean bertan, Interneten eta beste komunikazio-kanal batzuetan.

Hauteskunde-deialdia egin zen egunetik bertatik aurrera zabaltzen ari diren informazioez gain, prozesuaren gertaera nagusiak bilduz, bozketen egunean bertan informazioa zabaltzeko sistema gehiago jarriko dira, bereziki Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean. Zentro hori Lehendakaritzaren eraikinean egongo da, Vitoria-Gasteizen, eta hauteskunde-informazioa banatzeko zentro neuralgikoa izango da.

Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofiziala

Zentrotik, parte-hartze indizeei dagozkien datuak jakinaraziko dira, baita behin-behineko emaitzak ere, zenbatu ahala. Agertoki nagusi bat izango du, eta handik zabalduko da informazioa. Horrez gain, datu grafikoak ere erakutsiko dira, pantaila batean proiektatuta.

Zentrotik hauteskunde-egunaren jarraipena egiteko akreditazioa daukaten komunikabideek eurentzat gordetako eremuak izango dituzte, zuzeneko konexioak egiteko telebistako eta irratiko albistegietarako. Horrez gain, prentsa-erredaktoreentzako eta irrati-etxeentzako lanpostuak ere egongo dira, unitate mugikorrentzat berariaz prestatutako eremu batekin batera. Zentroak, gainera, prentsaurrekoak egiteko prestatutako eremua izango du.

Gailu teknikoei dagokienez, komunikabideek hauek guztiak izango dituzte: zuzenean emititzeko produzitutako telebistako erakunde-seinalea; Interneterako konexioa prentsa-postu ezberdinetan; erakunde-seinalea hartzeko telebistako zirkuitu itxia; eta emaitzak xehetasunez kontsultatu ahal izateko “informazioaren kioskoa".

Erakunde-seinalea telebistako bi kamerak sortutako irudietan oinarrituko da, pertsonen eta grafikoen irudi integratuak barne. Zentroko agertokia zenbakizko irudikapenen euskarria izango da, eta kontrol-mahaitik hornituko den proiekzio batetik hartuko du irudia. Seinale guztiak zuzenean aterako dira kanpoko banatzaileetara eta, horietatik, telebistek dagokion lotura egin ahal izango dute.

Hauteskunde-egunaren bilakaera eta behin-behineko emaitzen zabalkundea

Prentsaurrekoak eta agerraldiak:

Larunbatean, urriak 20, goizeko hamaiketan, Herrizaingo sailburuordea den Raúl Fernández de Arroiabe-k eta Hauteskunde Administrazioko zuzendaria den Sonia Fernández-ek prentsaurrekoa emango dute Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean, xede honekin: hauteskunde-prozesuari buruzko informazio osoa ematea, emaitzen, parte-hartze indizeen eta gertakizunen berri emateko erabiliko diren mekanismoen aurrerapena egitea, eta komunikabideetako profesionalek horri buruz izan ditzaketen zalantzak argitzea.

Igandean, urriaren 21ean, hauteskunde-egunean, hainbat prentsaurreko eta agerraldi egingo dira Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean, bozketetan jazo daitezkeen gertakariei buruz zein parte-hartze ehunekoen bilakaerari buruz informatzeko.

10:00etan, Herrizaingo sailburuordea den Raúl Fernández de Arroiabe-k eta Hauteskunde Administrazioko zuzendaria den Sonia Fernández-ek agerraldia egingo dute Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean, une horretan eskura daukaten informazioa emateko, botoa emateko zentroak irekitzerakoan jazo ahal izan diren gertakariekin eta une horretara arte prozesuak izan duen bilakaerarekin lotuta.

13:00etan, sailburuordeak eta zuzendariak beste agerraldi bat egingo dute, 12:00etara arte izan diren parte-hartze indizeei buruzko datuak emateko.

18:00etan, sailburuordeak eta zuzendariak euren azken agerraldia egingo dute, 17:00etara arte izan diren parte-hartze datuei buruzko informazioa emateko.

Hauteslekuak itxi eta zenbaketa hasi eta gero, zenbaketa horrek hiru Lurraldeetan datu esanguratsuak ematen dituenean, gutxi gorabehera gaueko bederatzietan, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko sailburua den Idoia Mendia-k agerraldia egingo du Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean, zenbaketatik ondorioztatzen den boto- eta aulki-banaketaren lehenengo datuak emateko.

Une horretatik aurrera, zenbaketaren bilakaera zuzenean jarraitu ahal izango da, ezarritako zabalkunde-kanal ezberdinen bitartez.

Geroago, zenbaketa amaituta dagoenean eta ia behin betikoa denean, sailburuak beste agerraldi bat egingo du.

Prentsaurreko eta agerraldi guztien erakunde-seinalea Zentrotik bertatik zabalduko da, bai eta Internet bidez ere.

Emaitzak informatikoki jakinaraztea:

Hauteslekuak itxi eta zenbatzeari ekin ondoren, eta lehenengo agerraldi instituzionala egin eta gero, behin-behineko datuak zentroko pantailen bidez jakinaraziko dira denbora errealean, grafikoak sortzen dituen multimedia-aplikazio baten bitartez. Datu berberak Internet eta Intraneten ere eskuragarri egongo dira, hedabide zein herritarrentzat.

Behin-behineko zenbaketaren datuen jarraipena denbora errealean egin ahal izango da, hauteslekuak zenbatu ahala eguneratuko baitira datuak.

Horrez gain, gailu mugikor adimendunen (smartphonak, tabletak, etab.) erabiltzaileak datu informatikoetara sartzea ere posible izango da.

Hauteskunde-intraneta:

Hauteskunde Administrazioaren Zuzendaritzak eskainita, hala eskatu duten hedabideek, alderdi politikoek eta erakundeek aukera izango dute haien egoitzetatik hauteskunde-intranet batera sartu ahal izateko; horri esker, zenbaketaren bilakaeraren jarraipen zehatza egin ahal izango dute.

Emaitzen txantiloia:

Hedabideek eta herritarrek behin-behineko zenbaketaren ondoz ondoko eguneraketak jaso ahalko dituzte, aurretiaz hala eskatu badute, .xml formatuko fitxategietan, emaitzen txantiloi gisa.

Hala, haiek prestatutako informazio-sistemak dinamikoki elikatu ahalko dituzte, eta behin-behineko datuak Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailak emandako datuen aldi berean egokitu ahalko dituzte. Horrela, behin-behineko datu ofizialak eguneratzen diren bakoitzean, fitxategi eguneratuak bidaliko dira; horri esker, hedabide bakoitzaren euskarri eta diseinuetan eskainiko den informazioa bat etorriko da Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean aurkeztutakoarekin.

Herritarrei zuzenean bidaltzea:

Behin-behineko zenbaketa bukatu ondoren, zenbatutako mahaien % 100aren behin-behineko emaitzak bidaliko zaizkie aurretiaz webgunean hala eskatu duten herritar guztiei; fitxategiak .csv formatua izango du.

Informazioa Interneten:

Erabiltzaileek www.elecciones.net webgunean aurkituko dute urriaren 21eko hauteskunde-deialdiari buruzko informazio guztia. Atari horren bidez, informazio- eta zerbitzu-aukera zabala kontsulta daiteke Internetetik; gainera, lehenagoko beste bertsio batzuen aldean, honako honek erantzuteko ahalmen hobea du. Bozketa-prozedurak, posta bidezko botoak edota hautesleen zalantza nagusiak protokolo animatu eta grafiko bidez erantzuten dira, errazago ulertzeko.

Webgunearen atal nabarmenen artean, prozesuaren egutegiari, bozketa-prozedurari eta posta bidezko botoei buruzko atalak aipatu behar dira; bidenabar, Hautesleen Gida eta Mahaiko kideen gida, Galderak eta Erantzunak eta Inprimaki elektronikoak ere azpimarratu behar dira. Berrikuntza nagusiei dagokienez, Gidak, urratsez urrats atala aipatu behar da, erabiltzaileak botoa ematerakoan prozedurari buruz izan ditzakeen zalantzak argitzen laguntzen baitu, betiere modu atseginean eta grafikoki.

Halaber, ildo beretik Sailak irekitako twitter kontuan (@hauteskundeak) izena emateko aukera eskaintzen du aipatutako webguneak; kontuak komunikazio-kanal bat irekitzen du hauteskunde-prozesuari lotutako albisteak denbora errealean argitaratzeko. Erabiltzaileak, gainera, 012 telefono-zenbakia ere erabili ahal izango du kontsulta pertsonalizatuak egiteko.