Azken eguneratzea: 2012/10/17

Bost mila ertzain baino gehiago arduratuko dira segurtasunaz hauteskunde-egunean

Igandean amaituko da kanpaina osoan mantendu den baliabideen hedatze berezia

 
Urriaren 21eko bozketa-prozesuaren segurtasuna bermatzeko Ertzaintzak izango duen segurtasun-dispositiboa 5.000 agentek baino gehiagok osatuko dute. Dispositibo horrekin, hauteskunde-prozesu guztia behar bezala garatzeko mantendu den operatiboa amaitu egingo da. Datorren igandean dispositibo horretan parte hartuko duten ertzaintzen zati bat zuzenean hauteslekuak zaintzeaz arduratuko da, udaltzaingoetako kideekin lankidetzan. Bien bitartean, gainerakoek laguntza-lan osagarriak egingo dituzte; laguntza-lan osagarri horietan Ertzaintzako unitate guztiek hartuko dute parte.
 
 
Ertzaintzak segurtasun-dispositiboa mantendu du hauteskunde-prozesu osoan, segurtasuna ziurtatzeko eta kanpainako ekitaldiak behar bezala garatzen zirela bermatzeko. Dispositibo hori datorren igandean (urriaren 21ean) amaituko da, bozketen egunean. Dispositibo berezi hori zenbaketa amaitu arte luzatuko da, eta bost mila agentek baino gehiagok parte hartuko dute.

Bi mila ertzain inguru zuzenean hauteslekuak zaintzeaz arduratuko dira, eta, zeregin horretan, udaltzaingoetako agenteekin koordinatuko dira. Gainerako agenteek herritarren segurtasunarekin lotutako zereginak egingo dituzte, eta dispositiboa unitate espezializatuek indartuko dute (Lehergailuak Indargabetzeko Unitatea, Ertzainor Unitatea, Helikopteroen Unitatea, Lur Azpiko Unitatea, Brigada Mugikorra, Indartzeko Brigada, etab.); unitate horiek alerta-egoeran egongo dira egun osoan.

Ertzaintzaren Ekintza Burutzak koordinatuko du dispositibo osoa. Alor ezberdinetako arduradunek parte hartuko dute, eta burutza hori uneoro harremanetan egongo da Hauteskunde Administrazioaren Zuzendaritzarekin, foru- eta udal-administrazioekin eta udaltzaingoko kidegoetako arduradunekin.

Hauteslekuak babesteko ardura izango duten ertzainak mahaiburuen esanetara egongo dira, bozketan ordena mantentzeari dagokionez. Agente horien zereginen artean, hauek daude: hautesleku-esparruan eta inguruetan propaganda politikoa egitea eragoztea, edota pertsonak hauteslekuetara modu ordenatuan sartzen direla kontrolatzea. Halaber, agenteen zereginen artean dago, baita ere, boto-emaileek inolako bortxa edo presiorik jasaten ez dutela bermatzea. Hauteslekuak zaintzeko ardura duen ertzainek, ahal duten neurrian behintzat, gaixorik dauden edo ezintasunen bat duten pertsonei lagundu egingo diete hauteslekuetara sartzen, Gurutze Gorriko eta DYAko osasun-langileekin lankidetzan.

Horrez gain, hauteskunde-dokumentazioa Bake Epaitegietan entregatzeko orduan, Ertzaintzak lagundu egingo die mahaietako kideei, horrela eskatzen badute behintzat.