Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Herrizaingo Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Azken eguneratzea: 2011/12/13

Herrizaingok terrorismoaren biktimen elkarteentzako laguntzak onartu ditu

Diru-partida 2012an egingo diren programak eta ekitaldiak babestera zuzenduta dago

 

Gobernu Kontseiluak Herrizaingo sailburuak terrorismoaren biktimei laguntzeko erakunde eta elkarteentzat deitutako laguntzak jasotzen dituen Agindua onartzea erabaki du gaurko bileran. Horretarako 260.000 euroko diru-partida onartu dute, elkarteen artean banatzekoak, datorren urtean horien ekitaldi eta proiektuak finantzatzeko, eta Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programan ezarritako laguntza zuzenak osatuko dituzte.

Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak guztira 260.000 euro zuzenduko ditu 2012an terrorismoaren biktimei laguntzeko elkarteentzat. Diru-partida hau 2012ko Aurrekontu Orokorretan jasota dago (horiek izapidetzean izan ditzaketen aldaketen zain, hori da behin-behineko kopurua), eta 2012an terrorismoaren biktimei laguntzeko egingo diren programak eta jarduerak eta biktimen edo giza eskubideen alorrean lan egiten duten elkarteek eta erakundeek sustatutakoak finantzatzeko helburua du.

Diru-laguntzak jaso ditzaketen proiektuen artean, besteak beste, hauek daude: gizarte eta laguntza arloko jarduerak, arlo materialean, sozialean edo ohiko laguntza nahikoa ez den kasuetan administrazio publikoen jarduna osatzera zuzendutakoak; iritzi publikoa informatzeko eta sentsibilizatzeko programak, biktimak aitortzekoak; kaltedunen elkartze mugimenduak laguntzekoak; eta abar.

Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa

Gobernuak gaur onartu duen Agindua Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programak egindako aurreikuspenen artean dago, eta bertan jasota dauden laguntza materialak osatzea du helburu.

Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programak, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri eta Herrizaingo Sailaren mendekoa den Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak gauzatutakoak, aurrerapauso handi bat eman ahal izatea ekarri du terrorismoaren biktima izan diren pertsonen premiei erantzuteko eta horien ondorio pertsonal eta materialak arintzen laguntzeko. Hala ere, Programak berak aurreikusten duenez, erakundeen laguntza horiek biktimei laguntzeko erakunde eta elkarteek ematen duten laguntza gertu eta beroarekin osatzea komeni da.

Eskabideak bideratzeko

Gaur onartutako laguntzak jasotzeko eskariak Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako erakundeen aurrean aurkeztu ahalko dira. Halaber, honako helbide elektroniko honen bidez ere helarazi ahalko zaio Administrazioari:

http://www.interior.ejgv.euskadi.net/r42-victimas/es/contenidos/enlace/enlace_ayudas/es_enlaceay/enlace_ayudas.html

Gaur onartutako Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epea izango da eskaria aurkezteko. Diru-laguntzak jasotzeko dokumentazioaren artean, finantzatu nahi den proiektuaren txosten zehaztua aurkeztu beharko da, lan-egitasmoa, jarraitu beharreko metodologia eta abar jasota.