Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Herrizaingo Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2010/01/19
Babes zibileko zereginetan boluntario taldeen parte hartzea arautzen duen Dekretua onartu da
Bere egitekoa, prestakuntza eta ekipamendua ezarri eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman sartzea arautu da

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur izan duen bileran Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman herritar boluntarioen parte hartzea arautzen duen dekretua onartu du, Herrizaingo sailburuak proposatuta. Arau berriak boluntario elkarteek bete behar dituzten baldintzak, egitekoak eta prestakuntza, ekipamendu eta abarrekin lotutako alor guztiak arautzen ditu. Babes zibileko boluntarioen euskal sistema adinez nagusia dela esan nahi du dekretua indarrean sartzeak.

 

Larrialdiak Kudeatzeko 1/1996 Legean babes zibileko boluntarioen parte hartzea jaso zen, larrialdien aurrean gizartearen kontzientzia indartzeko eta herritarren parte hartzea bideratzeko. Boluntarioen taldeek profesionalen lana sendotzen duten giza baliabide eta baliabide tekniko ordainezinak eransten dituzte.

Hala ere, talde horiek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman egoki barnera daitezen, beharrezkoa da legearen zenbait zati garatu eta zenbait alor osatzea. Esaterako, baldintzak ezartzea erakunde bat erakundetzat jotzeko, erakundearen egitekoak, prestakuntza, ekipamenduak zehaztu, eta abar.

Gaur onartutako dekretuaren bitartez alor horiek arautzearen helburua da orain dauden boluntario erakundeak sendotzea eta beste batzuk errazago sortzeko aukera bultzatzea, argitu egin baitira, alde batetik, erakunde horien estatus juridikoa eta, bestetik, udaletako babes zibilaren egitura sendotzeko lankidetza hitzarmenen bidez udalekin ezartzen duten harremana.

Dekretuan, bestalde, komenigarritzat jo da suhiltzaile boluntarioei ere kapitulu bat eskaintzea, horiek ere Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema osatzen baitute, nahiz eta suhiltzaile zerbitzuan bilduta. Dekretu berrian horiek Larrialdi Sistemaren egituran nola parte hartu argitu da.