Gobernu Batzordeak Ertzaintzako langileen lan-baldintzak aldatzeko Dekretua onartu
du gaur egindako bileran. Besteak beste, agenteen erretirorako adina aurreratzeak ekarritako aldaketak eta Negoziazio Mahai Orokorreko Akordioan adostutako akordioak jasotzen dira. Dekretuak zenbait abantaila finkatzen ditu, hala nola, ertzainen erretiroa hartzeko adina hirurogei urtera aurreratzea, eta baita aurten norbere eginbeharretarako hiru egun izatea ere.
Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako Dekretua Ertzaintzaren lan-baldintzen erregulazioa eguneratzeko beharraren ondorioz etorri da. Lan baldintzen gainean Akordio arautzaile bat lortzeko Herrizaingo Sailaren eta Ertzaintzaren sindikatuen arteko negoziazio prozesua akordiorik gabe amaitu ostean, beharrezkoa izan da aipatutako baldintzak arautzen dituen esparru legala eguneratzea. Hala, egun indarrean dagoen hitzarmenean (2005 eta 2007 urteetarako sinatutakoaren luzapena) azaroan EAEko Negoziazio Mahai Orokorrean adostutako akordioak eta ertzainen erretirorako adina borondatez aurreratzeak dakartzan aldaketak ere sartu dira.
Gaur onartutako Dekretuak, beraz, datozen bi urteotako ordainsarien kopurua edota lizentzia eta baimen erregimenean onartutako aldaketak gehitzen ditu lan baldintzen erregulaziora. Halaber, norbere eginbeharretarako baimen espezifikoak izateko eskubidea sartzen du agenteen lan-erregimenean. Eskubide hau Jaurlaritzako funtzionario guztiei zabaldu zieten duela gutxi, eta Ertzaintzaren kasuan, hiru egunekoa da 2010. urterako.
Bestalde, Dekretuak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean xedapen gehigarri bat sartzeak ekarritako errealitate berrira egokitzen du Ertzaintzaren egungo lan-erregulazioa; izan ere, xedapen horren arabera ertzainek hirurogei urtetik aurrera har dezakete erretiroa. Aukera horrek Sailak eta Sindikatuek bere garaian ertzainen aurretiko erretiroa bultzatzeko sustapen ekonomikoak jasotzearen aukerari buruz sinatutako baldintzen aldaketa ukaezina dakar. Hain zuzen, akordio horretako hainbat puntu erabat zaharkituta geratu dira, aurretiko erretiroa lan testuinguru batean baldintza pribilegiatuetan hartzeko aukera zabaldu ostean.