Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Herrizaingo Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2010/02/04
Barne Ministerioak eta Herrizaingo Sailak elkarrekin aztertu dituzte ETAren aurkako azken polizia jarduerak
Erakunde terroristaren aurrean erne mantentzeko eskatu dute, kalte egiteko ahalmena izaten jarraitzen baitu
Herrizaingo Saileko eta Barne Ministerioko ordezkariek elkarrekin aztertu dituzte ETAren kontrako azken polizia ekintzak, bereziki iragan astean Ertzaintzak burutako operazioaren emaitzak, eta erakunde terroristaren kontrako polizia eraginkortasuna ziurtatu dute. Halere, polizia arduradunek “erakunde terroristaren aurrean erne mantentzeko” eskatu dute, izan ere, ETAk “kalte egiteko ahalmena izaten jarraitzen du eta jasan dituen azken kolpeei indarkeria handiko ekintza bortitz batekin erantzuten saiatzeko dagoen arriskua handia da.”

 

Segurtasun arduradunen bi ordezkaritzak, Francisco Javier Velazquez Poliziaren eta Guardia Zibilaren Zuzendari Nagusia eta Rafael Iturriaga Segurtasun Sailburuordea buru izan dituztenak, hainbat orduz bildu dira gaur eguerdian, Ertzaintzaren Erandioko egoitzan.
Azken hilabeteotan delituzko arlo zehatzetan (antolatutako kriminalitatea, eta abar) izandako joera aztertzeaz gain, bileran Ertzaintzak azken astean ETAren egituraren kontra egindako operazioaren xehetasunak aztertu dituzte; operazio horretan, ETAko ustezko bederatzi kide atxilotu dituzte. Halaber, batzarrean, erakunde terroristak Espainian eta nazioartean duen egituraren kontra azken hilabeteetan bi Poliziek elkarrekin egindako lanaren emaitzak ere aztertu dituzte. Hala, ETAk nazioartean dituen adarren aurkako lanari dagokionez, Estatuko Aldizkari Ofizialak atzo bertan bete zituen azken eskakizun legalak, Ertzaintza aurki Hendaiako polizia-etxean lanean has dadin.
EAEko eta Administrazio zentraleko segurtasun arduradunak pozik agertu dira ETAren kontrako lanaren joera positiboarengatik eta erakunde terrorista gero eta ahulago dagoelako. Halere, polizia ezberdinetako adituen iragarpena baieztatu dute; alegia, poliziaren eraginkortasunaren aurrean, ETA ekintza handiren bat prestatzen ibil litekeela, protagonismoa berreskuratzeko. Ildo honetatik, ez dute baztertu bahiketa saiakera (Rubalcaba Ministroak eta Ares Sailburuak aurreratu zutenez), ezta atentatu saiakera bat ere, orain dela gutxi Zamoran lehergaiz betetako furgoneta bat atzeman izanak argi uzten duen bezala.

 

Alerta egoera

 

Gaur Erandion bildutako polizia arduradunek eta baita Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak ere (EAEko Segurtasun Batzordeak egindako azken bileran) ohartarazitakoarekin bat eginez, bai Ertzaintzak bai Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak alerta egoeran jarraituko dute, ETAk datozen asteotan edozein ekintza egiteko dagoen arriskuaren aurrean.